XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Noiz heldu zineten Venezuelara?

1937an. Zortzi bat hilabete egin nituen Belgikako Nobiziatuan: azarotik uztailera.

Venezuelara uztailean joan eta, hango Nobiziatuan, urtebete eta lau hilabete egingo nituen, Nobiziatuko bi urteak bete arte alegia.

Caracastik bost kilometrora zegoen jesuiten etxea.

Hiru euskaldun baziren han: Luciano Agirreolea, Bergarakoa, Momoitio, Durangokoa, eta Errasti bizkaitarra, ingelesa irakasten ziguna.

Kanpoan ibiltzen ginen asko, soroan lanean: inurriak, listorrak, sugeak, alakranak etxe barruraino sartzen ziren.

Bidea ireki orduko berriro belarra hazten zen.

Horrelako gauzekin pasatzen genuen eguna.

Bizimodua ere, ikasketak-eta, lasaiago, Nobiziatuko bigarren urtea zenez.

Libreago bizi ginen.

Bost venezuelar eta hemendik joandako biak ginen nobizioak. Gu biok haien eredu.

Hiru euskaldunekin euskal kutsuko ezer jaso zenuen?

Euskara konturik ez. Bakarrik, botoak egin genituenean, jesuita batzuk etorri ziren ospakizunetara, eta orduantxe Agur Jesusen Ama eta San Inazioren martxa abestu zuten, nire omenez.

Nirekin joandako bestea Burgoskoa zen.

Venezuelara joan zinenerako, euskal errefuxiatuen komunitatea bazen han.

Ez nuen jakin ere egin.

Caracasera ez ginen ezertarako joaten.

Sendagilearengana eta horrelakoetan bakarrik.

Noiz izan zenuen lehenengo aldiz errefuxiatuen berri?

Kolonbian jesuitak utzi eta berriro Venezuelara etorri nintzenean.

Kolonbian Patxi Abrisketa zegoen, baina bestela euskal girorik ez zegoen. Caracasen bai.

Caracasen denetarik zegoen.

Nobiziatua bukatu eta Kolonbiara, zergatik?

Ikasketak hasi behar dituzu eta.

Jesuitek Venezuelan beraientzako seminariorik ez zeukaten, Nobiziatu hori bakarrik. Orduan, jarraipena egiteko, Kolonbiara. Bogotara